Elkarrizketa «Loreak» filmeko zuzendariei

0

Zinemaldian izan zuen arrakastaren ondoren, dagoeneko iritsi da “Loreak” zinema-aretoetara zabaltzeko garaia. Donostiako Zinemaldian harrera bikaina izan zuen filmak, eta Londreseko, Zuricheko eta Tokioko zinemaldietan ere ez da gutxiagorako izan. Kritika bikainak izan ditu hemen eta atzerrian, beraz, bada “Loreak” ikusteko aitzakiarik. Urriaren 31an iritsi zen “Loreak” gure zinema-aretoetara, eta estreinaldia aprobetxatu nahi izan dugu Jose Mari Goenagarekin eta Jon Garañorekin, filmeko zuzendariekin, “Loreak” pelikulari buruz luze eta zabal hitz egiteko.

Garaño eta Goenaga

Argazkia: Yurena Sanchez. Donostilandia

-Lehendabizi, filmak izan duen harreragatik eta jaso dituen kritikengatik zoriondu egin behar zaituztegu. Zer izan da zuentzat Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatzea? Espero zenuten horrelakorik?

-Jon Garaño: Maila profesionala eta pertsonala daude, eta bietan oso garrantzitsua izan da guretzako. Maila pertsonalean, gu hemengoak izanda, Zinemaldia betidanik ezagutu dugu eta zinema mota bat deskubritu genuen bertan. Gainera, zentzu handi batean, Zinemaldiagatik garela zinemagile esango nuke; izan ere, epaimahaikide gazte izan ginen urte askoan eta gure produkzio-lan gehienak ere Zinemaldian egon dira, eta orain, gure filma Sail Ofizialean egotea, Zinemaldiko sailik garrantzitsuenean, izugarria izan da guretzat. Maila profesionalean ere bultzada handia izan da, argi dago komunikabideek askoz kasu gehiago egiten dizutela Sail Ofizialean egoteagatik eta ateak irekitzen dituela beste bide batzuk egiteko. Guretzako alderdi guztietatik begiratuta, oso garrantzitsua izan da.

-Jose Mari Goenaga: Domino efektua izan duela esan genezake, hemengo Zinemaldian egotean beste jaialdietarako ateak ireki dizkigulako. Egia da beste jaialdietan filma gustatzen zaien ala ez erabakitzen dutela, baina Zinemaldian egotea oso positiboa da, kategoria handiko zinemaldi bateko Sail Ofizialean dagoela ikusita, nolabait harrera hobea izango du. Eta hori nabarmendu dugu Londresen, eta baita Tokion ere.

-Nola osatu zenuten pelikularen gidoia? Hasieratik zenuten argi loreak izango zirela elemendu nagusia, edo ondoren etorri zen loreen ideia?

-J.M. Goenaga: Loreak hasieratik zeuden, batez ere, izan genuen ideia errepideetako loreak izan zirelako, autoan zoazenean errepidean ikusten dituzun loreak. Indar handiko ildoa iruditu zitzaigun, eta irudi dramatikoaz gain, oso enigmatikoa ere ikusten genuen. Dramaren eta enigmaren arteko erlazioa eta oreka gustatu zitzaigun, eta filma bi ikuspegi horien artean mugitzea erabaki genuen. Hasierako irudia horrela sortu zen, baina gero galderak datoz: nork ipintzen ditu lore horiek? Normalean, ez dituzu sekula ikusten loreak jartzen dituen pertsona, eta hor hasi ginen istorio bat sortzen. Pertsonaia misteriotsu bat behar genuen, eta horrela sortu genuen Aneren istorioa, astero loreak jasotzen dituen emakumearen istorioa. Ideia hori Ceciliaren “Ramito de violetas” abestitik etorri zitzaigun eta iruditu zitzaigun bi drama horiek bazutela zerikusirik.

Jon Garaño-“80 egunean” ere emakumeak ziren protagonista. Zinemarako interesgarriagoak iruditzen zaizkizue emakumeak ala?

J. Garaño: Askotan galdetzen digute eta guk ez dakigu zer esan, agian kointzidentzia bat izan daiteke. “80 egunean” nire ideia bat izan zen, nire lagun bati gertatutako istorio bati buruzkoa, ez zuen zerikusirik baina istorio erreal batean oinarritzen zen. “Loreak” egitean, nik uste pelikulako draman eraman zigula emakumeak protagonista izatera. Pelikula amatasunetik ikusita, sinesgarriagoa edo interesgarriagoa izango zela pentsatu genuen; izan ere, ez da berdina amak sentitzen duena egoera baten aurrean, edo aitak sentitzen duena. Bestalde, agian aurreiritziak dira, baina emakume batek loreak jasotzean ilusioa sentitzea errazagoa iruditu zitzaigun. Nolabait, dramak baldintzatu du pelikularen generoa. Dena den, gure film laburretan denetik egon dira, emakumezkoak eta gizonezkoak. Egia da gu gizonezkoak izanda, atentzioa deitzen duela bi emakumeren istorioa kontatzea, baina istorio unibertsala dela konturatu ginen, zentzu batean pertsona horiek gu gara, nahiz eta ez garen emakumeak eta helduak. Eta “Loreak”-en ere gu bagaude, nahiz eta gizonezkoak izan.

-J.M. Goenaga: Emakumezkoen edo gizonezkoen pelikulak diren ari gara pentsatzen denbora guztian, baina pelikula bat mistoa izan daiteke, eta hori ez dugu egin. Beraz, ulertzekoa da deigarria izatea. “Loreak”-en gizonezkoak bigarren plano batean daude erabat, baita errealizazio aldetik ere, planoz kanpo edo off-ean daude. Agian, Beñaten pertsonaiaren anbiguotasuna mantendu nahi genuelako egin dugu. Ez genuen nahi informazio gehiegi eman nahi, jendeak galdera gehiago egingo zizkiolako bere buruari gertaera baten ondoren.  Ikusleak erantzun horiek ez izatea nahi genuen, eta horregatik, anbiguotasun edo indefinizio batean kokatu behar genuen pertsonaia.

-Itziar Aizpururekin ere lan egin zenuten “80 egunean”, eta esan beharra dago, sekulako aktorea dela. Nola ezagutu zenuten eta nola erabaki zenuten berak egingo zuela papera?

-J. Garaño: “80 egunean” egiteko gure beldur handienetako bat 70 urtetik gorako emakumeak aurkitzea zen, paper hori egiteko moduko aktoreak. Baina, zorte handia izan genuen. Casting bat egin genuen, eta zerrendan bere izena ikusi genuenean, ez zitzaigun gehiegi gustatu, telebistan beste erregistro batzuetan ikusi genuenez, ez zitzaigun egokia iruditzen “80 egunean” egiteko. Hala ere, proba egin genion, eta txundituta gelditu ginen lehenengo casting-etik.

-J.M. Goenaga: Ez zen erraza pertsonaia horiek aurrera ateratzeko aktore aproposak aurkitzea, eta %50a lehendabiziko castingean aurkitzea, guretzat izugarria izan zen.

-J. Garaño: Oso gustura eta oso pozik geratu ginen bere lanarekin. Jose Marik “Loreak”-en lehen bertsioa idatzi zuen, eta nik irakurri nuenean argi nuen Tereren pertsonaia berarentzat zela. Gainera, dialogo batzuk ez ziren Tererenak, Itziarrenak baizik, eta ez zegoen zalantzarik.

J.M. Goenaga: Bai bai, pertsonaia honentzat hasieratik Itziar Aizpuru genuen buruan.

-Zein zuzendari izan dira zuen erreferenteak?

-J. Garaño: Beldurra ematen digu esateak, horrekin ez baitugu esan nahi beraien mailan jarri nahi dugunik. Baina, egia da bisualki erreferentzia pila bat izan ditugula, beste pelikula batzuetako fotogramak, argazkilarien argazkiak… Baina, gidoia idazterako garaian, beti bi erreferente aipatzen ditugu: Hitchcock eta Kieslowski, batik bat informazioa ematerako garaian, zer daki eta zer ez daki pertsonaiak, zer daki eta zer ez daki ikusleak… Bi zuzendariek badute suspense puntu hori, eta “Loreak”-en suspense puntu hori ere badago.

-J.M. Goenaga: Idazterako garaian, askotan jartzen ginen thriller bat edo suspensezko pelikula bat idazten ariko bagina bezala.

– Pelikula euskaraz egiteak eman al dizue arazorik banaketarekin, azpitituluekin…?  

-J. Garaño: Normalean atzerrian ez da arazo bat izaten, eta batik bat, zinemaldietan, pelikulak hizkuntza guztietan baitaude (frantsesez, errusieraz, mandarinez…), eta azkenean, horrek ez du inporta. Azpitituluen bitartez ikusten dira pelikulak, eta herri gehienetako zinema-aretoetan baita. “80 egunean”, adibidez, Frantziako, Suediako, Norvegiako eta Poloniako zinemetan egon zen, eta herri guztietan euskaraz zegoen, herrialde bakoitzeko azpitituluekin. Beraz, kanpora joateko ez da muga bat. Espainia mailan egia da arazoa izan daitekeela, eta horregatik, bikoiztu behar izan dugu. Madrilen eta Bartzelonan bi aukera daude, bikoiztuta ala azpititulatuta ikustea, eta zenbait hiritan bikoiztuta doa. Beraz, hiri horietako bikoiztea erabaki genuen.

-Pelikula honekin zein zen zuen asmo nagusia, ikuslegoari hausnarketara bultzatzea agian?Goenaga

-J.M. Goenaga: Guretzako gai nagusia oroimenaren eta ahanzturaren arteko talka zen. Gertaera mingarri baten aurrean batzuk ahaztea onena dela erabakitzen dute, eta beste batzuk, aldiz,  oroimena bizirik mantentzea. Hori zen istorio intimista honetan planteatu nahi genuena, nola eman daitekeen gatazka hori. Iruditu zitzaigun pelikulan modu intimista batean gertatzen dena, gizartean ere gertatzen dela.

Gainera, horrekin lotuta azpiko trama bat genuen gidoia, Gerra Zibileko hobi komun batean agertzen ziren hezurren ingurukoa. Memoria historikoaren gaia zegoen hor, eta trama horretan oroimenaren eta ahanzturaren arteko gatazka ere azaldu genezakeela iruditu zitzaigun. Mantendu egin nahi genuen, baina erritmo aldetik eta ikuslearen atentzioa mantentzeko oztopatu egiten zuen, beraz, kentzea erabaki genuen.

-Aurtengo Zinemaldian presentzia handia izan du euskal zinemak. Uste duzue garai oparoak datozela?

-J. Garaño: Zerbaiten adierazle izan daiteke. Azkenean, pelikula askok batera kointziditu dugu eta horrek ez du esan nahi orain arte euskal zinemak pelikula onik ez duenik eman. Baina aurten, lau film egon dira Zinemaldian, bi Sail Ofizialean, bat lehiatzen, eta jendeak galdera hori planteatzen du: zer gertatzen ari da euskal zinemagintzarekin? Normala da galdera hori egitea, eta guk jendeak daukan interes hori aprobetxatu egin beharko genuke. Orain, denborarekin ikusiko dugu zerbait historikoa izan den, edo anekdota huts batean geratzen den. Azkenean denborak esango du, baina gelditzeko moduko zerbait izatea espero dugu.

-Nolakoa da zuen arteko lana?  Erabakiak hartzeko garaian ere izango dituzue zuen eztabaidak, ezta?

-J.M. Goenaga: Zaila da, eta gatazka edo borroka asko izaten ditugu. Dena den, film hau egiten hasi ginenean, Jonek hasieratik bi erronka planteatu zituen: batetik, filmak bisualki aurrekoarekiko aurrerapausoren bat egitea, eta bestetik, gure artean, borroka gutxiago edukitzea. Eta nik uste lortu dugula.

-J. Garaño: Aurrekoan asko borrokatu genuen, eta oraingoan, nik uste dinamika hobetu egin dugula. Urte asko dira elkarrekin lan egiten, ezagutzen gara, eta badakigu nolakoak garen. Eta dinamika erraztu duten erabaki batzuk hartu ditugu.

J. M. Goenaga: Azken finean, kolektibo bat gara. Moriarti produkzio-etxean 5 pertsona gara, 14 urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta hori nabaritzen da. Bakoitzak bere iritzia dauka, baina taldearen iritzia errazago aurreikusten dugu, eta sintonizatuagoak gaude.

-Zein bide duzue “Loreak”ekin aurrerantzean? Beste jaialdi batzuetan izango zarete?

-J. Garaño: Une hauetan, hemengo zinema-areto onenetan gaude (Barreak). Bestalde, aurrekoarekin egin genuen bezala, garrantzitsua da hemen egiten duguna beste leku batzuetan zabaltzea. Zinemaldi batzuk baieztatuta ditugu, baina momentuz, ezin dugu ezer aipatu. Dagoeneko egon gara Zinemaldian, Londresen, Zurichen, Tokion, eta gainera Tokioko jaialdian, hiru aktoreek saria jaso zuten eta oso polita izan zen. Oso ibilbide polita darama eta ea horrela jarraitzen duen.

-Zergatik aldatu zenuten filmaren titulua? Hasiera batean “Loreak errepidean” izena zuen, ezta?

-J. M. Goenaga: “Loreak errepidean” tituluak filmari buruz gehiegi kontatzen zuela iruditu zitzaigun. Bestalde, azpiko trama hori izenburutik kanpo geratzen zen. Baita ere, komertzialki errazagoa da, ez genekien gazteleraz izenburua aldatu egingo genuen edo ez, eta horri begira “Loreak” hitz errazagoa da. Erabaki genuen sinpleagoa izateaz gain, istorioarekiko ere fidelagoa zela.

-J. Garaño: Nik uste dut asmatu genuela, zalantzarik gabe.

-“Loreak”-ekin batetik bestera ibiliko zarete orain, baina aurrera begira, ba al duzue proiekturik esku artean?

-J. Garaño: Orain istorio bat garatzen ari gara, eta itxura ona dauka, finantzaketa aldetik ari gara gauzak ixten eta. Altzoko handiaren inguruko istorioa da, XIX. mendeko pertsonaia baten istorio dramatikoa eta nahiko emozionala. Munduko pertsonarik altuena izatera heldu zen, eta hezkuntzarik gabe eta herri txiki batean jaiota, munduko hainbat jauregitan ibili zen.

Sobre el autor

Sin comentarios

Deja un comentario

Se estrena «FAMILIA SUMERGIDA»

Un film de María Alché, representante del nuevo cine argentino, que recibió el premio Horizontes del Festival de San Sebastián. Todo transcurre entre el duelo ...