Laugarren urtez segidan, zinema-munduan etorkizun oparoa duten gazteen balioa nabarmentzen duen golardo hori sustatuko du TCMk, New Directors eta Horizontes Latinos sailen bidez
TCMk laugarren urtez segidan babestuko du Gazteriaren saria Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan, irailaren 16tik 24ra.
Sariaren irabazlea aukeratzen duen epaimahaia 18 eta 25 urte arteko 150 gaztek osatzen dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, filmari puntuazio jakin bat ematen diote gazte epaimahaikideek. Kalifikazioak eta gustukoenen rankinga egunero eguneratuko dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan kontsultatu ahalko dira.
Gazteriaren TCM sarirako hautagai diren filmak New Directors saileko guztiak izango dira, bai eta Horizontes Latinos sailean beren lanak aurkeztuko dituzten zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak ere. Ia hogeita hamar film izango dira guztira, eta horrek esan nahi du epaimahaikideek hiru film ikusi beharko dituztela egunero batez beste.
Saria irailaren 24an (larunbata) banatuko da. Marta Alonso –TCM taldearen Espainiako arduradun nagusia– izango da bertan, baita zinemaren munduko pertsona ospetsu bat eta Gazteriaren epaimahaiko kide bat ere (Donostia Zinemaldian zehar iragarriko dira bi horiek). «TCMkooi ilusio handia egiten digu Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan segitzeak, urtero gertutik jarraitzen baitiogu, miresten dugun zinema-jaialdia izaki. Gure eginkizun nagusietako bat garai guztietako zinemarik onena ikus-entzule guztiei hurbiltzea da, baina bereziki pozten gaitu eginkizun hori lehen aldiz film batzuk deskubritzen dituzten gazteen belaunaldi berriek gauzatzen dutenean. Horregatik, pozik gaude aurten ere Gazteen saria babesteaz. Espero dugu epaimahai gaztea osatzen duten 150 pertsonek guk bezainbeste gozatzea esperientzia honetaz».
TCMk 2019. urtetik babesten du Gazteriaren saria. Espainian bi hamarkada baino gehiago daramatzan telebista-kate horrek lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin. Aurreko zenbait ediziotan Publikoaren saria, ziklo bereziak eta Zinemaldia Topaketak babestu ditu.
TCMri buruz
TCMk garai guztietako film onenen aukeraketa bat eskaintzen du: Hollywoodeko estudioetako ekoizpen handiak ez ezik, zinema independenteko titulu nabarmenenak ere bai. TCMko filmak programazio berezietan ematen dira, elkarrizketekin eta ekoizpen propioko piezekin batera, film horiek euren testuinguruan kokatzen laguntze aldera, nola kanalean, hala eskariaren araberako zerbitzuetan. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, TCM markak lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin eta bai Espainiako bai nazioarteko hainbat zinema-jaialdirekin.
TCM Now TCM telebista-markaren eskariaren araberako edukien eskaintza da, Movistar Plus+ plataforman eskuragarri dagoena. TCM Now zerbitzuari esker, ikus-entzuleak garai guztietako zinema onenaren film handiez goza dezake, baita TCMren jatorrizko ekoizpen guztiaz ere: zinemarekin lotutako gaiei buruzko dokumentalak, hainbat zinema-jaialditan sarituak (La naranja prohibida, El último adiós de Bette Davis, 2001 destellos en la oscuridad, Nostromo: el sueño imposible de David Lean, etab.); erreportajeak; programak; eta zinema eta kulturaren munduko pertsona garrantzitsuei egindako elkarrizketak.
TCM Warner Bros. Discovery taldearen –entretenimendu-konpainia nagusiaren– jabetzakoa da. Espainian, TCM Now ordainpeko telebista-plataforma hauetan dago eskuragarri: Movistar Plus+ (22. diala), Vodafone (54. diala), Orange TV (28. diala), Euskaltel (9. diala), R (3. diala), Telecable (23. diala), Virgin Telco (22. diala), Tivify (30. diala) eta Agile TV (25. diala).
Warner Bros. Discovery taldeari buruz
Warner Bros. Discovery (NASDAQ: WBD) enpresa komunikabideen eta entretenimenduaren munduko liderra da, eduki eta marken portfoliorik bereizi eta osoena sortzen eta banatzen duena nola telebistan hala zineman, baita streamingean ere. 220 herrialde eta lurraldetan baino gehiagotan eta 50 hizkuntzatan eskuragarri, Warner Bros. Discovery taldeak mundu osoko ikus-entzuleak inspiratu, informatu eta entretenitzen ditu bere marka eta produktu ikonikoen bitartez: Discovery Channel, discovery+, CNN, DC, Eurosport, HBO, HBO Max, HGTV, Food Network, OWN, Investigation Discovery, TLC, Magnolia Network, TNT, TBS, truTV, Travel Channel, MotorTrend, Animal Planet, Science Channel, Warner Bros. Pictures, Warner Bros. Television, WB Games, New Line Cinema, Cartoon Network, Adult Swim, Turner Classic Movies, Discovery en Español eta Hogar de HGTV, besteak beste. Informazio gehiago: www.wbd.com.
Sin comentarios