WIP Latam lehiaketan sei film aurkeztuko dira, Manuel Abramovich, Fabián Hernández, Ana Cristina Barragán, Juan Pablo González, Carlos Lechuga eta Laura Baumeister egileenak
Irailaren 20ean, 21ean eta 22an izango da WIP Latam, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren barruan
Postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako sei film aurkeztuko dira WIP Latamen profesionalen audientzia baten aurrean: Pornomelancolía / Pornomelancholia, Manuel Abramovichena; Un varón / A Male Fabián Hernándezena; La piel pulpo / Octopus Skin, Ana Cristina Barragánena; Dos estaciones, Juan Pablo Gonzálezena; Vicenta B., Carlos Lechugarena, eta La hija de todas las rabias / Daughter of Rage, Laura Baumeisterrena. Sei work in progress horiek WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango dira. Aurtengo edizioan 161 film aurkeztu dira guztira.
WIP Latam irailaren 20, 21 eta 22an izango da; WIP Europa eta X. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan ospatuko dira. Zinemaldiaren bideotekan (CinandoVL) egongo dira ikusgai film horiek, zinema-aretoan ematen direnetik irailaren 25era arte.
WIP Latam lehiaketan aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean. Hona hemen duela gutxiko adibide batzuk: Manuel Nietoren El empleado y el patrón / The Employer and the Employee, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs lehiaketaren 2021eko edizioan hautatua eta Horizontes Latinos sailari itxiera emango diona; Fernanda Valadezen Sin señas particulares / Identifying Features, zeinak epaimahaiaren sari berezia (gidoi onena) eta World Cinema Dramatic Competition saileko publikoaren saria lortu baitzituen 2020ko Sundance zinema-jaialdian, baita Horizontes Saria ere Zinemaldiaren 2020ko edizioan; eta Sebastián Muñozen El Príncipe / The Prince Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean saria jaso zuena
Sin comentarios