Zinemaldiko hamahiru film arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar Sarirako

0

Guztira hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat dira euskal ekoizpena osatzen duten lanak, eta hainbat sailetan banatuta egongo dira

Hogeita bat lanek –14 film luzek, hiru film laburrek, bi telesailek, film ertain batek eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu batek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan hautatutako euskal ekoizpena, eta Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira lan horiek.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko (ekoizleak jasoko du zenbateko hori).

Euskal Zinemaren Galan bere debuta –Un otoño sin Berlín (2015)– estreinatu ondoren, Lara Izagirre Garizurietak (Amorebieta-Etxano, Bizkaia. 1985) Zinemira inauguratuko du Nora filmarekin, 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen proiektuarekin. Besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filman; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David González Rudiezek (Bilbo, 1980) Zinemiran parte hartu zuen La noche los lleva (2018) filmarekin duela bi urte, eta aurten ere sail horretan izango dugu bere laugarren film luzea –Talento / Talent (Talentu)– aurkezteko; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan. Eugène Green (New York, 1947), Frantzian bizi den zinemagile estatubatuarra da, zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, Locarnoko eta Berlineko zinema-jaialdietan parte hartu dute, eta bi euskal mitoren berrikuspena proposatzen digu oraingoan Atarrabi et Mikelats filmean.

Amaia Merino (Donostia, 1970) –Asier ETA biok (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat– eta Miguel Ángel Llamas (Noain, Nafarroa. 1980) zinemagileek elkarrekin zuzendu dute Non dago Mikel? / Where is Mikel? filma; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen digute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta 20 egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu edo zigortu harrez geroztik hona. Josu Martínezek (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategik (Donostia, 1986) jada aurkeztu izan dituzte euren lanak Zinemaldian, hala nola Sagarren denbora (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018), eta oraingo honetan elkarlanean egindako Caminho longe ekarriko digute, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta.

Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano, Hijos de Dios / God’s Children (Jainkoaren semeak) filmaren –Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) lan berriaren– protagonistak dira. Irigoien  La Cañada de Andrea (2014) film dokumentalaren eta Kresala –Zinemaldian Belodromoan estreinatutako Kalebegiak (2016) film kolektiboaren parte– film laburraren egilea da. Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak (Iruñea, 1977) Enrique Villareal ‘El Drogas’ musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du.

Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Telmo Esnal (Zarautz, 1967) Aupa Etxebeste! (2005), Urte berri on, amona! (2011) eta Dantza (2018) aurkeztu baititu, eta Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta Urtzen bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakera bat, existentziari buruzkoa. Dokumentalen zuzendaritzan esperientzia handia izanik, Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molések (Castelló, 1974) Lobster Soupekin itxiko dute Zinemira saila; 2018an jada Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.

El estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar eta Jo ta ke / Non Stop Zinemiran ere egongo dira Zinemiran, lehiaketatik at, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok (Sevilla, 1980) sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du.

Bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen Jo ta ke / Non Stop film ertaina da; Aitziber Olaskoagak (Getxo, Bizkaia. 1980) Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.

Sobre el autor

Sin comentarios

Deja un comentario

VIVIR SIN NOSOTROS

Radiografía del desamor La película nos inocula desde el minuto cero el sabor amargo de una separación, bajo la implacable capacidad de análisis que caracteriza ...