“Amaren eskuak”

0

Amaren_eskuakMireia Gabilondok zuzendutako film hau Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Zinemira sailaren baitan eta Karmele Jaioren nobelan oinarrituta dago “Amaren eskuak”.  Nerea (Ainara Gurrutxaga) da pelikulako protagonista; bere senarrarekin (Mark Schardan) eta alabarekin (Aroa eta Naia Madurga) bizi da eta egunkari batean egiten du lan. Bere bizitzan duen oreka eskasa erabat hankaz gora ikusten du, bere ama Luisa (Esther Remiro) ospitalera eramaten dutenean. Horrela, Nerea bere amaren aspaldiko kontuak ezagutzen joango da, eta egunetik egunera argiago ikusiko du amaren eta bere iraganeko bizipenen artean dagoen antzekotasuna.

Hori da filmaren sinopsia baina ordu eta erdi irauten duen pelikula honetan beste hainbat gertaera azaltzen zaizkigu. Kontu delikatua da alzheimerrarena, baina Gabilondok bigarren plano batean uzten du gaixotasuna. Hasiera-hasieratik ikus-entzuleak argi dauka hori dela arazoa, baina arreta gaixotasunean jarri beharrean, iraganeko istorioak guregan duten garrantzia azpimarratzen du filmak.

Nerearen senarra britainiarra da, eta hori dela eta, hainbat hizkuntza entzun ditzakegu pelikula honetan. Euskara da nagusi filmaren zati gehienetan, baina gaztelaniak ere badu bere tokia, ospitaleko emakume batekin hitz egiten dutenean, batik bat. Nereak senarrarekin hitz egiten duen bakoitzean ingelesez egiten dute, bien artean euskara ere hitz egiten duten arren.

amaren_eskuak_2

Nerearen bizitza ez da erraza eta ama zaintzeko denbora gutxi duenez, Doloresi (Loli Astoreka) deitzen dio, egoera berri horretan laguntza emateko. Dolores izango da amaren iragana deskubritzen lagunduko diona. Horrela, pelikulan zehar amaren iragana ezagutuz joaten da Nerea, eta esperantzaz beteriko amaierara iristen gara, izan ere, Luisaren desioa betetzen laguntzen diote Nereak eta Doloresek. Alzheimerraren gaia gogorra den arren, Gabilondok filmari beste norabide bat eman nahi izan dio, eta esperantzaz beteriko amaiera ikusi ahal izan dugu film honetan.

Sobre el autor

Sin comentarios

Deja un comentario

Cine en Construcción 18

Siete películas de México, Guatemala, Colombia y Chile se presentarán en las jornadas de Cine en Construcción 18 que se celebrarán los días 21 y ...
A %d blogueros les gusta esto: