Hamahiru film laburrek hartuko dute parte Nest lehiaketan

0

49 herrialdetako 165 zinema-eskolak bidalitako 348 lanetatik egin da hautaketa

Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da Nest, eta aurtengo ediziorako (XIX.a), 49 herrialdetako 165 eskolak aurkeztutako 348 film laburren artean hamahiru hautatu dira. Aukeratutako lanak –horietako zazpi, gizonezko zinemagileenak, eta gainerako seiak, emakumezko zinemagileenak– Alemania, Argentina, Kuba, Espainia, AEB, India eta Erresuma Batuko zentroetatik datoz.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, sail horren bidez mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutzera eman nahi dira. Aurten, film laburren lehiaketak ohiko formatua –aurrez aurrekoa– mantenduko du, eta proiekzioak egingo dira irailaren 21etik 23ra.

Bigarren urtez jarraian, Nesten ikusgai izango diren film laburretako bat Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztua izango da (Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak partaidetuta dago EQZE). Ella i jo deritzo film horri, eta Jaume Claret Muxart (Sant Cugat del Vallès, 1998) da zuzendaria, zeinak Donostian kokaturiko eskolan Sorkuntzako graduondokoa ikasi zuen.

Zinema-alorrean ezaguna den norbait izango da Nesten epaimahaiburua, eta aurten, salbuespen gisa, azken edizioetan irabazle izan diren hiru ikaslek osatuko dute epaimahaia. Aurkeztutako hamahiru lanen artean, Film Labur Onenaren Nest Saria –Orona Fundazioak babestua– aukeratuko dute. Sari hori hautatutako proiektuaren zuzendariari emango zaio, zeinak 10.000 euro jasoko dituen.

Urtetik urtera, Nest lehiaketa finkatuz joan da Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako gisa, talentu berrien hazitegi den aldetik. Aurtengo edizioan, hain zuzen ere, New Directors sailean estreinatuko da La última primavera, Alemanian jaiotako eta Espainian eta Holandan hazitako Isabel Lamberti zinemagilearen lehenengo film luzea; 2015ean Nesten Torino Award saria irabazi zuen Lambertik. Halaber, Grigory Kolomytsev zinemagile errusiarraren Chupacabra filma New Directors sailean izango da; 2016an eta 2018an Nesten parte hartu zuen Kolomytsevek, eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldietan egon zen. Iaz, bestalde, Oren Gerner zinemagile israeldarra New Directors sailean lehiatu zen Africa lanarekin; Greenland graduazioko film laburrarekin Nesten arrakasta lortu eta bost urtera.

Bestalde, eta aurreko edizioetan egin izan den bezala, Tabakalerak Zinemaldiko egunak aprobetxatuko ditu azken urteetan Nest sailean sarituak izan diren film laburrak behin eta berriz emateko. Medialaben gaitutako pantaila batean ikusi ahal izango dira lan horiek, hau da, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitaleko laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan. Sailean parte hartu duten film labur guztiak digitalizatuta eta artxibatuta daude Medialaben, eta liburutegiko edozein erabiltzailek eskuragarri ditu kontsultarako.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Nest saila antolatzen dute, zeina Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte baita.

 

Sobre el autor

Sin comentarios

Deja un comentario