Pablo Agüeroren Akelarre, Zinemaldiko Sail Ofizialean

0

Iker Ganuza eta Koldo Zuazua dira drama historikoaren produktoreak. Aktore gehienak oso gazteak dira, eta Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira antzezle nagusiak

Pablo Agüeroren seigarren film luzea, Akelarre, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da 68. Donostia Zinemaldian; jaialdia 2020ko irailaren 18tik 26ra egingo da. Sail Ofizial batean lehiatuko den film espainiar bakarra izango da Akelarre. Sailean Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileen azken lanak ere emango dira.

Urriaren 2an estreinatuko da Akelarre, Zinemaldian parte hartu eta egun gutxira, Avalon-ek filmak banatzen dituen zinema-aretoetan.

Akelarre drama historikoa da, eta ikuspuntu garaikide eta femeninoa du. Gainera, Euskadiko (Laga, Itziar), Nafarroako (Urbasa, Lesaka) eta Iparraldeko (Sara) leku ikusgarrietan filmatu da, gaztelaniaz eta euskaraz.

Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasoratu egin dira. Ana, herrixkako beste neska batzuekin batera, festa batean parte hartzen ari da basoan. Rostegui epaileak, erregeak eskualdea arazteko agindu baitio, atxilotu eta sorginak izateaz akusatzen ditu. Akelarreari buruz dakitena aitor dezaten, behar den guztia egitea erabaki du. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak iniziatu eta estaltzen ditu.

Pablo Agüero zinemagile argentinarra Tratado de Malos Ángeles y Demonios liburuan oinarritu da, askatasun handiz; liburuan Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko goren mailako epaileak gertakari batzuk kontatzen ditu, “iluntasunaren bihotzerako bidaia”, bere hitzetan. Àlex Brendemühlek (Madre, 2019; Petra, 2018; La Prière, 2018) egin du haren papera.

Amaia Aberasturik (Vitoria 3 de marzo, 2017) Anarena egin du. Harekin batera, hogei urte inguruko beste bost aktorek egin dute lan; 800 hautagai baino gehiagoren artean aukeratu zituzten, ia urtebeteko castinga egin ondoren: Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras. Gainerako aktoreak hauek dira: Daniel Fanego aktore argentinarra, Asier Oruesagasti, Iñigo de la Iglesia, Elena Úriz eta Daniel Chamorro.

Espainiar-frantziar-argentinar film independente honek Arte International saria jaso zuen Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan. Kowalski Films eta Lamia Producciones dira filmaren produktoreak, Tita Productions eta La Fidèle produktore frantses eta Campo Cine angentinarrarekin batera. 90 minutuko iraupena du.

EiTBk, Euskaltelek, RTVEk, Netflixek, ICAAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Région Nouvelle-Aquitainek, Région Bretagnek eta Argentinako INCAAk hartu dute parte Akelarren. Bestetik, San Sebastian Gipuzkoa Film Commissionek, Bilbao Bizkaia Film Commissionek eta Navarra Film Commissionek filmatzeko lekuak bilatzen lagundu dute.

Sobre el autor

Sin comentarios

Deja un comentario